Albisteak

 

Foruko Udalak beste urte batez antolatu du ume zein gazteei zuzendutako euskaraz garatuko diren udal Udalekuak. Ekintzak, Ehunzango Jolasak aisialdi elkartearen eskutik, ekainaren 27tik uztailaren 22ra bitartean eskainiko dira, astelehenetik barikura 9:30etatik 13:30etara.

Aurten, Udalekuek adin ezberdinei zuzendutako bi modalitate izango dituzte. Alde batetik, 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen modalitatea (2006 eta 2013 urteen bitartean jaiotako umeak) eta bestetik, Gazte Kanpusa, 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzenduta dagoena (2001 eta 2005 urteen bitartean jaiotakoak).

Herriko txikiek aste tematiko desberdinetaz gozatzeko aukera izango dute (Mitologiarekin jolasean, Euskal Herriko jaiak, Extralurtarrak Forun  eta Munduko herrialdeak), burutuko diren jolas-jardueren bitartez. Gazteentzako, bestalde, taldean egingo diren ibilaldi eta ekintza anitz antolatu ditu Udalak.

Herriko umeen arteko harremanak sendotzea, euren kreatibitatea sustatzea eta jokoen bidez dibertsioa eta ikasketak eskaintzea da Udalekuen helburua.

Forun erroldatutako umeentzako hamabostaldiaren prezioa 40 eurokoa da eta 70 eurokoa hilabete osoarena. Ez erroldatuentzat, hamabostaldiaren prezioa 55 eurokoa da eta hilabete osoarena 100 eurokoa.

Interesatuek apirilaren 28tik maiatzaren 20ra bitartean izango dute izena emateko epea. Inskripzioak Udaletxean 09:00etatik 15:00etara (946255180/ idazkaritza.forua@bizkaia.org) edota kultur etxean 17:00etatik 20:00etara (946254574/ liburutegi.forua@bizkaia.org) egin beharko dira.

Informazio gehiago (PDF 364KB)

Udal bandoa (PDB 99KB)

Izen-emate orria (Word 863KB)