Albisteak

 

Foruko Udalak herritarren parte-hartze prozesua jarri dau martxan. Helburua da forutarren beharrizanak eta planteamenduak batzea eta diagnostiko partehartzaile bat burutzea, herriko planeamendua gardentasunez eta adostasunez garatzeko aurrerapausu gisa. Lehenengo batzarra otsailaren 12an ospatuko da, 19:00etan udalbatza-aretoan.

"Foruko Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra barriro diseinatzeko, berton bizi garenon beharrizanak ezagutu nahi doguz, herriko garapena bizilagunen beharrizanen neurrikoa izan behar da eta. Hauxe da geure gobernuaren helburua eta berau lortzeko forutarren ekarpenak entzutea ezinbestekoa da. Horregatik, geure herriko hiri-garapena eta garapen fisikoa definitzeko ospatuko diren batzarretan parte-hartzera herritarrak gonbidatu eta animatu nahi ditugu", adierazten dau Janire Urkietak, Foruko Alkatesak.

Foruko Udalak diseinatu duen parte-hartze prozesuaren lehenengo batzarra datorren eguenean, otsailaren 12an, ospatuko da arratsaldeko 19:00etan, Foruko udalbatza-aretoan. Prozesu honen bitartez, Udalak herritarren planteamenduak eta iritziak ezagutu nahi dauz.  Lehendabiziko helburua <diagnostiko partehartzailea> idaztea da, honek Foruko etorkizunaren gainean herritarrek dituzten itxaropenak zintsotasunez islatzeko. Dokumentu hau, Udalak irizpide teknikoak jarraituz burutu duen hirigintza-soziologi diagnostikoagaz batera, Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra diseinatzeko lehen pausua izango da, forutarren benetako beharrizanak kontutan hartuz. 

 

Otsailaren 12an ospatuko den batzarran parte-hartze prozesua emango da ezagutzera, bertan erabiliko den metodologia azalduz. Tekniko aditu batek herriko hiri-egoerari buruzko informazioa eskeiniko dau, <hirigintza-soziologi diagnostikoa> oinarritzat hartuta, eta udalez gaindiko araudiaren eragina jorratuko dau, hirigintzako erabakiak hartzeko orduan aktuazio aukerak argitzeko. Horregatik da hain garrantzitsua lehen batzarratik parte hartzea.

Batzarretan tonu-dibulgatzailea erabiliko da, ez da teknikoa izango, horrela herritar guztiak parte hartu ahal izateko. Euskeraz eta gaztelaniaz izango dira eta erraz ulerteko mintzaera erabiliko da.
 
Herritarren parte-hartze prozesuaren diseinua testuinguru soziala eta hirigintzakoagaz bat etorriko da; agente partehartzaileak nortzuk izango diren azalduko dau, baita erabiliko den metodologia, parte-hartzerako mekanismoak, eta prozesuaren garapena eta kronograma be. Diagnostikorako prozezu partehartzaileak bertaratutako eta on line kontsultak aurreikusten dauz, baita parte-hartze tailerrak be.