Albisteak

 

Tradizioari jarraituz, Forun San Kristobal jaiak ospatuko dira, domekan, uztailak 7, hasiz. Saragiaren ongietorria, antzinan jaietan ardaua gordetzeko erabiltzen zena, eta Untxi Sukalkiaren 36.edizinoa izango dira jaien ekitaldi nagusiak. 

Domekan, uztailak 7, ohiko Untxi Sukalkiagaz hasiko da jai eguna, Busturialdean zaharrenetarikoa, aurton 36.urteurrena ospatzen delarik. Parte hartzeko izen ematea 11:30etan egin beharko da txosnan. 12:00etan Meza Santua ospatuko da eta ondoren, Saragiaren ongietorria egingo da, forutarrek azken urteotan berreskuratu dabeen ohitura. Gainera, herriko Urdaibai Dantza Taldearen gaztetxoek dantza ikuskizuna eskeiniko dabe.
14:00etan kazuelen aurkezpena egingo da eta untxi sukalkiaren XXXVI. edizioaren sari banaketa. 

Arratsaldean, 17:00etan gaztetxoen gozamenerako, umeen jolasak izango dira eta 10 urtetik gorakoentzat txinbera lehiaketa.

Egueztenean, uztailak 10, San Kristobal egunean, 12:00etan Meza Santua ospatuko da baselizan, ta ostean, ohiko salda ta makailoa dastatzeko aukera egongo da. Giroa trikitixagaz eta panderoagaz alaituko da.