Albisteak

 

Uztailaren 10 eta 12an, tradizioari jarraituz, Forun San Kristobal jaiak ospatuko dira, santuaren omenez. Ez dira faltako Untxi Sukalki tradizionala, eskarmentu handikoa eskualdean, Saragiaren ongi-etorria eta santuaren izena daraman baselizaren inguruko eleiz ospakizunak.

Barikuan, uztailaren 10ean, San Kristobal egunean, 12:00etan Meza Santua ospatuko da baselizan, ta ostean, ohiko salda ta makailoa dastatzeko aukera egongo da.

Domekan, uztailaren 12an, ohiko Untxi Sukalkiagaz hasiko da jai eguna, Busturialdean zaharrenetarikoa, 37.urteurrena ospatzen da. Parte hartzeko izen ematea 11:30etan egin beharko da txosnan. 12:30etan Meza Santua ospatuko da eta ondoren, Saragiaren ongietorria egingo da, forutarrek azken urteotan berreskuratu dabeen ohitura. Herriko Urdaibai Dantza Taldearen gaztetxoek dantza ikuskizuna eskeiniko dabe.

Jarraian, kazuelen aurkezpena egingo da eta untxi sukalkiaren XXXVII. edizioaren sari banaketa. 

Arratsaldean, 17:00etan gaztetxoen gozamenerako, umeen jolasak izango dira, besteak beste, zezen mekanikoa, piraten puzgarria eta Margolarien txokoa izango dira. Gainera, 10 urtetik gorakoentzat txinbera lehiaketa ospatuko da 17:30etatik aurrera.