Albisteak

 

Foruko Udalak Urberuaga auzoko  kanpo argiteriaren aurrezte eta eraginkortasun energetikorako egokitzapen lanen bigarren fasea hasi du aste honetan. Lanen iraupena bi hilabetekoa izatea aurreikusten da.

Obra hauek Herriko Landa Inguruen Argitasuna Berritzeko Planean kokatuta daude. Herrian eraginkortasun energetikoa lortu, igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu, eta herritarrei zerbitzuak bermatu eta hauen segurtasunaren alde egitearen konpromisoa betetzea da plan honen helburua. 

"Argia funtsezkoa da, eta batez ere Urberuaga bezalako auzoetan; bertan neguan tentsio-ihesak eta argi-mozketak pairatzen dituzte auzotarrek. Proiektu honekin, argi-kalitatea, segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetuko dugu, baita ingurumenari onurak ekarri ere", azaltzen du Foruko Alkatea den Jane Eyre Urkietak.

Bigarren fase honetako lanak Argiola S.L enpresari adjudikatu zaizkio 59.631,36€-tan, eta 36 argi puntu egokituko dituzte. 2015aren bukaeran, Urberuagan egokitzeko lanen lehen fasea burutu zen Harrobia eta Ibarra auzoko zatian; guztira, 13 argi puntu egokitu ziren 30.011 euroko aurrekontuarekin.

Bigarren fase hau bukatuta, San Cristobal-Uberuaga zatia amaituta egongo da, segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzen lagunduz. Kanpo argiteriaren berrikuntzaren ondorioz, urtero 3.440€ aurreztea aurreikusi da.

Bestalde, eta herrian eraginkortasun energetikoa lortzeko auzo eta landa inguruen argiteria berritzeko konpromisoari jarraikiz, Udalak Gaitoka auzoaren argiteriaren berritzea irailean esleitzea aurreikusita dauka 137.000€ko aurrekontuarekin. Horretarako, Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak emandako 48.000€ko diru laguntza jaso du, Tokiko Agenda 21 programaren baitan.