Albisteak

 

Foruko San Inazio jaiak ostiral honetan, uztailaren 29an, hasiko dira. Jai egitarauak adin eta gustu guztientzako ekintzak gordetzen ditu; bertan ez dira faltako rock kontzertuak, kuadrillen arteko paella lehiaketa edota txikientzako jarduerak. 

San Inazio jaietako lehen eguna ostiral honetan izango da, uztailaren 29an, eta umeei dedikatuta egongo da. Herriko txikienek txupinazoa botako dute 11:00etan, eta ostean umeen jolas tradizionalak, gozoki banaketa eta umeentzako bitsa izango dira. "Beste urte batez San Inazio jaiak ospatzeko dena prest dago. Guztiok jaietaz goza dezagun, adin eta gustu guztientzako ekintzez osatutako jai egitaraua prestatuko dugu, eta jaiak giro onean eta guztion parte hartzearekin aurrera egitea espero dugu", azaldu du Foruko alkatea den Jane Eyre Urkietak.

Jaiak arratsaldeko 18:00etan jarraituko du udaletxeko aparkalekuan, txikientzako Gorriti eta bere animaliak ikuskizunarekin. Gaueko 21:00etan txupinazoa botako da, eta ostean, makailoa dastatzeko aukera egongo da, trikitixaren eta jarraian  kaleetan zehar izango den batukadaren musikarekin girotuta. Bukatzeko, rock erritmoarekin dantzatzeko aukera izango da Arkada Social, Porco Bravo eta Bide Batez Erromeria taldeekin, 23:00etatik aurrera.

Larunbatean, uztailak 30, San Inazio bezpera, 11:30etan, kuadrilen arteko XI paella txapelketa ospatuko da; parte-hartzaileek Urdaibai Tabernan eman beharko dute izena. Txikienek jai giroaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute 12:30etatik aurrera udaletxeko aparkalekuan antolatutako Xaiborren ikuskizuna eta talo tailerrarekin. 14:00etan paellen aurkezpena egin eta sariak banatuko dira. 21:30etan, Elektromatxino Elektrotxaranga izango da kaleetan zehar eta 23:00etatik aurrera, Urrats Erromeria, Dj.TPR eta The Bon Scott Band taldeen musikaz gozatzeko aukera izango dute rock zaleek.

Uztailaren 31an, igandea, San Inazio eguna, 11:00etan diana joko da Foruko txistulariekin. 12:30etan Meza Nagusia egin eta ostean, Erregelen XXXV. urteurrena ospatuko da; Foruko Urdaibai Dantza Taldeak berreskuratutako tradizioa.

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera,  dantza erakustaldia izango da Dantzari plazan, herriko Urdaibai Dantza Taldea eta Poloniako Zespól Tanca Ludowego Ostroleka dantza taldearen eskutik. Gaueko 21:30etatik aurrera, musikak jarraituko du Udaletxe plazan Los Cinco Bilbainos taldearen eskutik.

Abuztuaren 7a, igandea, nagusien eguna izango da; Foruko dultzaineruak diana joko dute 11:00etan eta 12:30etan, Meza Santua ospatuko da. Ondoren, Urdaibai Dantza Taldeko gaztetxoek erakustaldia eskainiko dute San Martin elizaren aurrean. Jaiei amaiera emateko, beti bezala, elizari buelta emango da. Bukatzeko, 15:00etan nagusiei eskeinitako bazkaria ospatuko da Baserri Maitea jatetxean (bertara joateko autobusa irtengo da San Martin elizaren aurretik).