Albisteak

 

Bostgarren edukiontzia edo edukointzi marroia eta etxean lurzaila edo lorategia dutenei zuzenduriko autokonposta martxan jartzeko “Aurrera Organikoarekin!” kanpaina arrakastaz bukatu du Foruko Udalak.

• 64 familik jada izena eman dute materia organikoa biltzeko sistema berrian.

• Oraindik izena eman ez arren parte hartu nahi dutenek, izena eman ahal izango dute aurrerantzean.

• Parte hartzaileek informazio saio eta tailer praktikoetan parte hartu ahal izan dute, sistema berria ezagutu eta beharrezkoa den dohako materiala jasotzeko.
 
Bostgarren edukiontziaren eta autokonpostaren ezarpenari esker, Foruko 64 famili hondakin organikoen bilketa sistema berrian parte hartzen ari dira dagoeneko.

"Geure herritarren erantzunagaz oso pozik gagoz. Foruko herria ingurumenagaz arduratsua da eta zerbitzu barri honegaz, inguruan dogun gune naturalak errespetatzeko aukera gehiago dogu.Birziklapenaren aldeko apostua ezinbestekoa da herri jasangarria bezala hazteko", nabarmendu du Foruko Alkatesak, Janire Urkietak.

Sistema berri honen erabilera bultzatu eta dituen aspektu onen inguruan Foruko familiak sentsibilizatzeko, Udalak, informazio kanpaina bat abiarazi zuen martxoan “Aurrera Organikoarekin!” lemapean. Kanpaina hau bukatutzat eman den arren, parte hartu nahi duen pertsona orok izena eman dezake 94 625 51 80 telefonoaren edo organikoaforua@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.

Kanpainan zehar informazio-material ezberdina banatu da, Foruko herritarrek bilketa sistema berriaren funtzionamenduari buruzko informazio garrantzitsuena eskura izan dezaten. Horrez gain, zalantzak edo kontsultak argitu eta parte hartzeko beharrezko materiala banatzeko informazio-saio ezberdinak burutu dira eta autokonpostaia nola egin behar den erakusteko tailer praktikoak eta jarraipen pertsonala egin dira.

Edukiontzi marroiari dagokionez, ondorengo lau puntuetan jarri dira: Udaletxeko aparkalekuan, Kantaleko aparkalekuan, Ibarrako auzoan eta Busterriko etxeetan. Bilketa astero egingo da, kamoia ostegunetan pasatuko delarik.

Bestalde, autokonpost sistema erabiltzen ari diren familiei dagokienez, azkar egokitu dira sistema berrira eta beraien ortu eta lorategietarako konposta lortzen ari dira dagoeneko.

Bosgarren edukiontzia (marroia)
Helburu nagusia hondakin organikoak eta gainerako hondakinak bereiztea da. Bosgarren edukiontzian edo edukiontzi marroian, ondorengo hondakin hauek sar ditzakegu: lekaleen, fruten, barazkien eta pasten hondarrak, baita landareen hondarrak eta fruten hezurrak ere. Orobat papera eta paperezko ahozapi zikinak sar ditzakegu. Hala ere, edukiontzi horretan ezingo ditugu sartu haragi-, arrain- eta gazta-hondarrak, arrautza-oskolak, animalientzako janaria, lurra, pixoihalak eta zigarro-puntak.

Etxeko konpostajea
Esperientzia hau lorategia edo lurra duten etxebizitzetan sustatuko da. Edukiontzi marroiak ez bezala, etxe-konpostak edozein hondakin organiko onartzen du: bai landare eta baita animalietatik eratorriak ere. Sistemari esker, hondakin organikoak etxean tratatu daitezke, eta lorategietan nahiz ortuetan erabiltzeko konposta lortu.