Albisteak

 

Foruko Udalak Armotxerri auzoko kale-argian 2016ko maiatzean izandako ekaitzek eragindako hondaketak konpontzeko lanak orain gutxi amaitu dauz.  Izandako kalteak oso nabarmenak izan dira eta hauek konpontzeko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko %90ko diru-laguntza jaso dau, Ustegabeko Foru Dekretuaren bitartez.

"Auzoko kale-argian maiatzeko ekaitz gogorrek eragindako kalteak ahalik eta arinen konpontzean saiatu gara. Argiteria %100ean barriztatzea beharrezkoa zan. Izan be, zenbait lineatan, fusibleetan eta koadro elektrikoan izan dira kalteak. Konponketa lanei esker Armotxerri auzoak orain gutxi barriztau genduan argiteri barria berreskuratuko dau, energetikoki eraginkorra eta argi-kalidadeko Foru bat izateko daukagun kopromisoagaz bat eginez", nabarmendu dau Foruko Alkatesak, Janire Urkietak.

Konponketak lanak hauexek izan dira: kaltetutako lineak konpondu, fusible kartutxoak ordezkatu eta kiskalitako koadro elektrikoa konpondu. Gainera, kaltetutako farola bakoitzeko gaintentsioetarako 47 babesak aldatu dira. Konponketa hauek egiteko Foruko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko diru-laguntza bat kudeatu dau, Ustegabeko Foru Dekretuaren bitartez. Jasotako diru-laguntza %90a izan da (5429,08€). 

Foruko Udalak Herriko Landa Inguruen Argitasuna Berritzeko Planarekiko konpromisoa mantentzen dau, herriko kale-argiak barriztatzeari zuzendutakoa.  Herrian eraginkortasun energetikoa lortu, igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu, eta herritarrei zerbitzuak bermatu eta hauen segurtasunaren alde egitearen konpromisoa betetzea da plan honen helburua. Plan honen barruan Gaitoka, San Kristobal-Urberuaga, Atxondoa eta Armotxerri auzoetan barriztau dau argiteria, azken honetan konpondu dira hondaketak.