Albisteak

 

Foruko Udalak udaletxea barriztuteko lanak laster burutuko dauz, eraikinak dituen iragazketa eta hezetasun arazoak ekiditzeko.  Lanak herriko eraikuntza enpresa bati esleitu deutse, eskaintzarik onuragarriena aurkeztu dauelako.

Udal eraikina laster barriztuko da, ur-iragazketa eta hezetasun arazoei konponbidea emoteko. Horretarako, estalkian eta ur kanalizazioetan burutuko dira barritze lanak. Besteak beste,estalki osoa desegingo da, isolatzailea gehi teila mistoa jarriko da, teilatu-hodi edota zorrotenak aldatuko dira eta eraikin osoa pintatuko da.

"Lan honegaz udal eraikina erosoagoa egin eta honen irudia hobetuko da, forutar guztion etxea izanda. Instalazioak babesteko eta etorkizunean arazorik ez izateko hezetasun arazoei aurre egin behar deutsegu", azaltzen dau Foruko Alkatesak,  Jane Eyre Urkietak.

Foruko Udalak barritze lanak burutzeko herriko eraikuntza enpresa bat kontratatu dau. 43.000 euroko proiektuaren aurrean, lanak 38.409,33 eurotan lizitatu dira. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Sailaren 28.419,82 euroko diru-laguntza jaso dau, Udal eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretarako inbertsioak sustatzeko xedea duen dekretuaren arabera.