Albisteak

 

Foruko Udalak datorren eguenean, maiatzaren 7an, Foruko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) diseinatzeko burututako partaidetza diagnosiaren bukaerako txostena aurkeztuko dau.  Herriko etorkizuneko antolamenduaren eredua ezartzeko herritarren beharrizanak, zalantzak eta ikuspegia kontutan hartzea izan da helburua. Partaidetza Diagnosiaren aurkezpen publikoa J.M Torrealday Kultur Etxean izango da 19:00etan.

"Geure gobernu taldearen jarrera forutar guztiak kontutan hartzea izan da herriaren kudeaketan. Horregatik, etorkizuneko herria planteatzerakoan, herritar guztiak entzun nahi izan doguz. Partaidetza diagnosiaren ondorioek norabide onean lan egiteko jarraibideak eskeintzen dizkigute. Hauei esker, eta ahal den heinean, Forun bizi garenon beharrizanei erantzunak emonez.", adierazten dau Janire Urkietak, Foruko Alkatesak.

Foruko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra diseinatzeko martxan jarritako Partaidetza Diagnosiaren bukaerako txostena aurkeztuko dau herritarren aurrean. HAPOaren diseinuan lehentasunezkoa da herritarren partaidetza.  Helburu bikoitza betetzea da asmoa: "hiri planteamendu barriak Forun bizi garenon beharrizanei erantzuna emotea; eta prozesuak gardentasunez eta adostasunez burutzea", nabarmendu dau Janire Urkietak, Foruko Alkatesak. 

Txostenak 2015eko otsaila eta apirilaren artean egindako Partaidetza Diagnostikoan ateratako emaitzak eta ondorioak batzen dauz. Honek, egindako analisi eta azterketen ekintzak, ondorioak eta HAPOaren idazketaren ondorengo faseen etorkizuneko ekintza ildoak azaltzen dauz.

Partaidetza prozesua
Foruko Partaidetza Diagnosiaren helburua, hirgintza-egoera barriaren informazioa emotea izan da, baita biztanleek udalerriko hirigintzari buruz zituzten iritzi orokorrak jasotzea  eta HAPOaren idazketa lanerako etorkizuneko lizitaziorako dokumentu laguntzaile bat osatzea izan da.
Foruko behar eta gabezien erradiografia lortzeko ekintza eta mekanismo multzo bat jarri zan martxan. 
Besteak beste, honako mekanismoak garatu dira: hirigintzari buruzko prestakuntza saioa, sakoneko elkarrizketak, herritarrei inkestak eta world-café metodologiadun Partaidetza Tailerra.
Prozesuak ondorio ezberdinak batu dauz eta hiru ondorio orokorrak hauexek izan dira:
1- Foru bi erakarguneren bitartez bere identitatea berreskuratzea bilatzen duen herria da; alde batetik, bere ingurune naturalaren errefortzua eta bestetik, topaketarako espazioak eta espazio komunak hobetzea.
2- Ingurune naturala garrantzi handikoa da forutarrentzat, harro sentitzeko arrazoia eta identitate marka; zentzu horretan, ingurune natural horren defentsa bilatzen da bi ikuspuntutik; paisaia fisiko eta kulturalaren babesa baloratzen da eta ingurune natural hori aktibo ekonomiko eta sozial gisa baloratzen da ere.
3- Partaidetzaren aldeko gogoa ikusi da, informazio jarrai eta eguneratua betebeharrezkoa ikusten da.
Plan Orokorraren idazketaren lizitaziorako baldintza-agirien idazketari begira aztertu beharreko elementuak azaltzen dira dokumentuan.

Foruko Partaidetza Diagnosiaren amaiera txostena herritar guztiei irekitako aurkezpen publikoa izango da. Datorren eguenean, maiatzaren 7an burutuko da, 19:00etatik 21:00etara. Partaidetza diagnosia garatu duen talde teknikoak azalduko dauz prozesuaren ondorioak. Batzarrean teknikoak eta udal ordezkariak izango dira.