Albisteak

 

Foruko Udalak maiatzerako hirigintzaren inguruko partaidetza tailerrak antolatu ditu, arlo honen inguruko herriko arazoak zehatz-mehatz ezagutzeko eta horrela, forutarren gaur egungo zein etorkizuneko beharrizanei erantzuten dien  HAPOa (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) erredaktatzeko helburuarekin.

Tailerren bitartez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren erredakzioan aurrera egin nahi da herritarrekin bat eginez. Planaren erredakzioa osatzen duen fase bakoitzagatik hirigintzaren inguruko tailer bat antolatu egingo da. "Tailerretan, herriko talde sozial desberdinek leku publikoak nola ulertzen eta erabiltzen dituzten adieraziko dute, eta horrek forutar guztiak inplikatzen dituen plan bat idazten lagunduko du", esan du Jane Eyre Foruko alkateak.

Diagnostikoaren lehen fase honetarako, Udalak maiatzerako bi tailer antolatu ditu. Lehenengoa ume eta gazteentzako marrazki tailerra izango da, artearen bitartez, herria gaur egun nola ikusten duten eta etorkizunean nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen adieraz dezaten. Hitzordua maiatzaren 11an izango da, 17:30etan, Kultur Etxean.

Bigarren tailerra maiatzaren 19an izango da, 20:30etan, Kultur Etxean. Hitzordu hau foruko auzotar guztiei zuzenduta dago, eta bertan gai desberdinak landuz,  herriko gaur egungo egoera aztertuko da: ingurumena, leku publikoak, mugikortasuna, etxebizitza eta herriko hornikuntza.

Planaren erredakzioa eta tailerren antolakuntza hurbiletik jarraitzeko, Udaletxeko webgunean informazio guztia eskegiko da, baita planteamenduaren egoera eta lanen betearazpen fasearen egutegi eguneratua ere. Gaiaren inguruan sortutako eztabaidak webgunean agertuko dira.