Albisteak

 

Gaitoka bidearen zati bat asfaltatzea eta Baldatikara sartzeko beste zati baten zolaketa lanak lehiaketara atara dauz Foruko Udalak. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 15ean bukatzen da. Proiektuan zati bietan hobekutzak egitea aurreikusten da.

Mugikortasuna garrantzitsua da pertsonen bizi-kalitaterako. Horretarako, herri baten sarbideak ezinbestekoak dira, batez be, geure herrian bezala sakabanatutako auzoak badagoz. Sarbide hauen erabilpena eta askotan be eguraldi txarrak hondatu egiten dabez, irisgarritasunaren kontra eginez. Bideak behar dan moduan mantentzea funtsezko inbertzioa da, beharrezkoa eta aldizkakoa. Udaletxe txikia garenez eta aurrekontu mugatua izanda, inbertzio honi aurre egiten deutsagu kudeaketa esfortzu garrantzitsua eginez”, azaldu dau Foruko Alkatesak, Jane Eyre Urkietak. 

Bideen hobekuntzarako proiektuaren barne bi motatako inbertsioak dagoz. Alde batetik, Gaitoka auzoa herriko erdiguneagaz lotzen dauen bidearen kilometro bat asfaltatuko da. Arinago zoladuran konponketa batzuk egin ziren baina barriro be egoera txarrean dago. Kasu honetan drainatzea eta arekak hobetuko dira be, hostoak eta harriak ez metatzeko bertan, eta baserrietarako adarkadurak hobetuko dira baita be.

Bigarren jardueraren barne Baldatikara doan pista baten atontze lanak egingo dira. 300 metrotan zehar dagoen hormigoizko bideari jarraipena emotea da helburua, alboetan areka bat egingo da eta euri uren drainatzea hobetuko da be.

Lehiaketarako aurrekontua 91.940,81 eurokoa da. Horretarako udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz kudeatu dau diru-laguntza bat, udaletxe txikientzako aurreikusitako Azpiegituren Dekretuaren bitartez.