Albisteak

 

Foruko Udalak otsaileko Osoko Bilkuran 2016rako udal aurrekontuaren hasierako-onarpena aprobatu eban, 1.092.28€tan. Berau prestatzeko jarraitutako irizpideak zerbitzuak bermatzea eta herriko bizi kalitatea hobetuz aurrera egiteko inbertsioak aurreikustea izan dira.

"Herri erakargarria eta jasangarria ezinbestekoa da herritarren bizi-kalitatea bermatzeko. Udal gobernuan daukagun erantzukizunak ahalik eta ondoen zerbitzuak pertsoneei egokitzean datza eta gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanen araberako garapen orekatua sendotzeko eta dinamizatzeko inbertsioak kudeatzean", azaldu dau Foruko Alkatesak, Jane Eyre Urkietak.

Zentzu honetan, familien eta bizilagunen beharrizaneei erantzuteko zerbitzuak mantentzeko partidak nabarmentzen dira aurrekontuan; ingurumen jasangarritasunaren irizpideetan oinarritutako zerbitzuen azpiegiturak hobetzeari zuzendutakoak; eta HAPOren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) prozesuan aurrera egiteko inbertsioak be.

Udalaren lehentasunen artean laguntza behar dabeen herriko familiak daude. Horretarako, beste urte batez, Udalak herriko familia behartsuei eskeintzen duen laguntza ekonomikoa mantentzen dau. Familia hauek laguntzeko zenbatekoa 6.500€tik gorakoa da eta guztira 6 familia dira laguntza hau jasotzen dabenak.

Udal aurrekontuan herriko kirol eta kultur elkarteentzako diru-laguntzen partida mantentzen da
Herritar guztiei kalitatezko kultur zerbitzuak eskeintzeko, Gernika-Lumon erroldatutak ez dauden erabiltzaileek bai Santanape kiroldegia erabiltzeko eta baita Segundo Olaeta musika eskolara joateko edota euskera ikasteko Aita Villasante euskaltegia ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru-laguntzak mantenduko dauz Foruko Udalak.

Inbertsioei dagokionez, nabarmentzekoa da Urberuaga auzoko kale-argiak barriztuteko diru-partida, lan hauen bigarren fasea aurrera eramateko (80.000€). 

Herriko irisgarritasuna bermatzeko eta segurtasun eta zerbitzuetan hobetzeko, 14.000€ko diru-partida bat aurreikusten da herriko kale-izendegiaren mapa eta herriko GIS lokalizazio egiteko. Herriko interesguneak lokalizatzeko tresna baliogarria da hau, larrialdi-zerbitzuentzako lagungarria eta herriko informazio geografikoaren kalidadea handitzeko zerbitzua. 

Herrian hondakin birziklapena sistema hobetzeko inbertsioa be aurreikusi da. Aurton bosgarren edukiontziaren ezarpena indartuko da herrian, ezarpenaren bigarren faseari ekinez(16.000€). Onuren artean, birziklatze era honek zabortegira bidaltzen den hondakin tona murriztea ahalbidetzen dau eta baita materia organikoa aprobetxatu be ongarri bezala. 

Herriko garapen orekatua lortzeko eta forutarren gaur egungo zein etorkozineko beharrizaneei erantzuteko giltzarri gisa, aurrekontuaren partida bat HAPOren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) prozesua garatzeko erabiliko da, 126.000€ gehi BEZ, 2016 eta 2017 urte bitartean.  

Gainera, 91.000€ko partida bat gordeko da udalak daukan mailegua kitatzeko erabiliko da.