Albisteak

 

Udalak herritarren partaidetza mantenduko dau HAPO (Hiri Antolamendu Plan Orokorra) barriaren elaborazio prozesuan.

Partaidetza izan da nagusi Foruko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berraztertze prozesua martxan jarri orduko.  Herriko hirigintza eguneratzeko ezinbestekoa, Udalak forutarren iritziak entzuten jarraituko dau datozen urteotan, herriko arau subsidiarioak prestatzeko. Udal administrazioak HAPO barria burutuko dauen lan-talde tekniko-juridikoaren kontratazioa jarri dau martxan. Honen elaborazioan honako hau hartuko da kontutan, besteak beste: landa guneen etxebizitzak, paisaiak mantentzea, herritarren partaidetza plana eta herria banatzen dauen BI-2235 errepidearen arriskugarritasunaren analisia.

Bere elaborazioa konplexua da- baita tramitazioa be, derrigorrez 7 fase bete beharko dauz erredakzioan, behin betiko onartu arte-. Foruko HAPOa "prozesu koordinatu baten bitartez burutuko da, herritarren partaidetza eta korporazioaren erabakiak fase bakoitzari egokitzeko". Bere adjudikazioa baina lehen garatu zen diagnostikoaren partaidetze prozesuan agertu ziren gaiak- aurtongo otsaila eta apirila bitartean burututa- hartu dira kontutan. Adibidez, landa-guneen etxebizitzen tipologiaren dibertsifikaziorako arauen ikerketa idaztearen beharrizana, "horrela eskaintza eta eskaera kudeatzeko aukera analizatzeko". Modu berean, Foruko paisaiaren baloreak, historikoak eta arkeologikoak aztertzeko txostena burutuko da; eta " eguneratutako informazio jarraitua bermatzeko" herritarren partaidetzaren programa espezifikoa.  Azkenik, errepidea herria alde bitan banatzen duela kontutan hartuz, " BI-2235 errepidearen arriskugarritasuna aztertzeko" ikerketa burutuko da, hurrengo urteetarako alternatibak eskeini ahal izateko. 

"Elaborazio prozesu gardena eta adostutakoaren alde egiten dogu", adierazi dau Foruko Alkateak, Jane Eyre Urkietak. “Hau dela eta, etorkizuneko herria planteatzerako orduan, egin dogun lehen gauza herritarrekin batzea izan da, partaidetza diagnostikoa burutzeko. Honen konklusioek bide onean lan egiten jarraitzeko gida-lerroak eskeintzen deuskuez, ahal den heinean, Forun bizi garenon beharrizanei erantzunez", azaldu dau.  HAPO barria egiteko erredakzio lan-taldeak 25 hilabeteko epea izango dau bere proposamena egiteko. Eskaintzaren kostua 169.000 eurokoa izan da.