Albisteak

 

Foruko Udalak aurrera darrai Herriko Landa Inguruen Argitasuna Barritzeko Planagaz duen konpromisoagaz, oraingoan Urberuaga auzoko argiteriaren barrikuntzan oinarrituta. Landa gune ederra da hau, baserri eta paisaia naturalakaz, paseatzeko apartekoa, baina neguan tentsio-ihesak eta argi-mozketak pairatzen dabez auzokoek.

Foruko Udalak jarraipena emongo deutso herriko landa gune eta auzoen argitasuna hobetzeko plan orokorrari. Atxondoa, San Kristobal eta Armotxerri auzoetako lanen onoren, oraingoan Urberuaga auzoko argiteria barriztuko da. Herrian eraginkortasun energetikoa lortu, igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu, eta herritarrei zerbitzuak bermatu eta hauen segurtasunaren alde egitearen konpromisoa betetzea da helburua. 

"Auzo guztietan zerbitzuak hobetzeko esfortzuak egiten doguz, geure herritarrei bizi-kalitatea bermatzeko. Argia funtsezkoa da eta batez be Urberuaga auzoan, bertan neguan etengabe pairatzen dabezelako argi-mozketak. Proiektu honegaz argi-kalitatea, segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetuko dogu", azaltzen dau Foruko Alkatesak, Jane Eyre Urkieta.

Urberuaga auzoan burutuko diren argiteriaren hobetze lanen artean, gaur egungo argiak LEd teknologiako beste batzuez ordezkatuko dira, eraginkortasun energetikoaren alde egiteko. Gaur egun dauden bonbilak sodio-lurruneskoak dira, 150Wkoak eta 28Wko Led lanparak ezarriko dira hauen ordez. Dauden 32 farolak ordezkatuko dira eta 49 barriak ezarriko dira. Ingurumen eta onura energetikoagaz batera, urtero 3440€ aurreztea baloratu da eta inbertsioa 10 urte barru amortizatuko da.

Proiektua bi fasetan burutuko da, 1go fasean, Harrobia eta Ibarra auzoko zatian egingo da, 2015ean, eta 2.fasean, gainontzeko zatia, 2016an. Aurrekontu osoa 132.655,59€koa da. Inbertsioari aurre egiteko, Udalak Eusko Jaurlaritzako EREIN programaren bitartez kudeatu dau diru-laguntza bat. Urberuaga auzoko jardueragaz, inguru hontako argiteriaren barritze lanak osotuko dira.

Foruko Udalak lehenengo fasea lizitaziora atera dau, 2015ean burutzeko, Harrobia-Ibarra zatian, 43.991,86€ + BEZ aurrekontua izanik. Lanak Argibide S.Coop enpresari adjudikatu deutsoz, 27.316,01€ + BEZ-eko azken prezioagatik. Lehen fase honetako lanen iraupena hilabete batekoa izatea aurreikusten da.
Ondoren, Udalak inguru hau asfaltatuko dau, kamioi eta kotxeen igarotzeak eragin duen hondatzearen ondorioz.