Albisteak

 

Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra diseinatzeko asmoz, Foruko Udalak antolatutako parte-hartze tailerrean parte hartzera animatzen dauz herritarrak. Bertan, forutarrek herriko hiri- beharrizanen eta gabezien gaineko ideiak planteatzeko aukera izango dabe. Bilera datorren zapatuan izango da, martxoaren 14ean, goizeko 11:00etan.

"Geure apostua argia da, etorkizuneko Forua diseinatzeko herritarrei ahotsa emotea, hain zuzen be. Geure herriko etorkizuneko beharrizanak planteatzeko orduan ikuspegi orokorra izatea guztiz garrantzitsua da. Bakoitzak duen interes partikularrez harago, forutar guztiok beharrizanak, zerbitzuak, azpiegiturak eta espazioak partekatzen doguz. Hori da nabarmendu behar doguna eta horretarako ezinbestekoa da guztion partaidetza. Horregatik euren kezkak, zalantzak eta ikuspegiak emotera animatzen doguz herritarrak", aipatzen dau Janire Urkietak, Foruko Alkatesak.

Foruko Udalak herriko Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra egiteko prozesua jarria dau martxan, "hirigintza-soziologi diagnostikoa"ren erredakzioagaz eta herritarren partaidetza nagusi duen lan-plangintza bategaz. 

Helburu bikoitza nahi da bete: hiri planteamendu barriak Forun bizi garenon beharrizanetara erantzutea; eta elaborazio prozesua gardentasunez eta adostasunez garatzea. Horregatik da garrantzitsua, martxan jarri dan "Diagnostiko Parte-Hartzailea"ren barneko parte-hartze tailerrean herritarrak bertaratzea. 

Bilera datorren zapatuan burutuko da, martxoaren 14ean, 11:00etatik 13:30etara. Parte-hartze tailerra kudeatuko duen ekipo teknikoak, word café formatoa aurreikusi dau. Horrela, herritarrak taldeka batuko dira., lan-mahai ezberdinetan.  Mahai bakoitzean herriko hiri-beharrizan eta gabeziak landuko dira, Elkarrizketa txanda ezberdinetan parte-hartzaileek euren ideiak partekatuko dabez.
Tailerraren ostean konklusio eta ideia nagusiak laburtuko dira eta herriko Diagnostiko Partehartzailean agertuko dira.