Albisteak

 

Foruko Udalak 2014ko Udal Aurrekontua aprobatu du 1.056.750€tan, gastuan euste kudeaketa planarekin baina proiektuak garatuz. Herriko eta forutarren beharrizanekin bat, udal gobernuak herriko bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko helburuak planteatzen ditu. 

Foruko Udalak gastuaren euste eta oreka ekonomikoen helburuak dituen udal aurrekontua proposatzen dau; zerbitzuen mantentze eta hobetzearen alde eginez; eta kulturaren garapena sustatuz. Ildo honetan, ingurumen jasangarritasunaren irizpideetan oinarritutako zerbitzuen azpiegiturak hobetzeari zuzendutako inbertsioak nabarmentzen dira eta baita euskeraren erabileraren normalizazioan aurrera egiteko eta sakontzeko proiektua be. 
 
Oreka ekonomikoaren estrategiak eta Udalak 2013an garatutako gastua eusteak 68.037€tako soberakina izatea ahalbidetu dabe. Diru kopuru hau inbertsioetara eta udal zorpetze mailari erantzuteko erabiliko da.

Aurreikusitako inbertsioei dagokionez, diru-partida bat landa guneen herriko-argiak pixkanaka barritzen joateko zuzenduko da, legegintzaldiaren hasieran Udalak hartutako konpromisoari erantzuteko. Argiteriaren barrikuntza aurton San Kristobal auzoan burutuko da batez be, 133.000€ko inbertsioagaz, zati bat soberakinaren diruagaz ordainduko da eta beste zati bat diru-laguntzak kudeatuz.

Herrian hondakin birziklapena sistema hobetzeko inbertsioa be aurreikusi da. Gaur egun, Forutarrek herriko gune jakinetan gaikako hondakinen bilketarako  edukiontziak erabiltzeko aukera dute: plastikoa, papera eta kartoia, beira, pilak, olioa edota erabilitako arropak batzekoak.

Herritarrak eta instituzioen arteko lan bateratu honetan aurrera egiteko, Foruko Udalak, Bizkaiko Foru Alduniaren laguntzagaz, herrian bosgarren edukiontzia ezarriko dau.

Onuren artean, birziklatze era honek zabortegira bidaltzen den hondakin tona murriztea ahalbidetzen dau eta baita materia organikoa aprobetxatu be ongarri bezala. 

Gainera, hondakinak batzeko puntuak apurke apurke gehitzen joatea be aurreikusten da edukiontzi gehiago ezarriz, horrela landa guneen bizilagunek birziklatzea erraztuz. 

Udalak familia behartsuei eskeintzen duen laguntza ekonomikoa indartu egin dau, egungo egoera ekonomiko makala kontutan izanda. Familia hauek laguntzeko zenbatekoa 7.760€koa izan da, %74a gehitu egin da aurreko urteagaz konparatuz.

Herriko kultura sustatzea be udal politikaren helburua da eta horrela isladatzen da aprobatutako aurrekontuan. Aurton, 2014-2017 hizkuntza-normalkuntza plana martxan jartzeko zuzenduko da partida bat. Zehazki, urte honetan herriko Euskara Planaren honako ekimenak burutuko dira, besteak beste: familia bidezko transmisioa indartu, gurasoei euskara eta euskal kulturari lotutako produktuak ezagutarazi eta eskura jarriz; euskalduntze eta alfabetatzea bultzatu, mintzapraktika egitasmoen bitartez (Berbalagun, Gurasolagun...); euskararen erabilera sustatu, batez be, haur eta gazteentzako antolatzen diren ekitaldietan; hizkuntza paisaia zaintzea, leku berriei izena jartzeko orduan dota jarrita dauden izenak hobetzeko aholkularitza-bideak jarriz. 2014-2017ko Plan Estrategikoaren eta 2014ko Euskara Planaren helburua herritarren partehartzea bermatzea da, herrian euskararen erabilera sustatzeko.

Gainera, herritar guztiei kalitatezko kultur zerbitzuak eskeintzeko eta kiroldegiaren zerbitzuaren bitartez osasun fisikoa zaintzeko aukera emateko, Udalak Gernika-Lumon erroldatutak ez dauden erabiltzaileek bai kiroldegia erabiltzeko eta baita musika eskolara joateko edota euskera ikasteko ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru-laguntzak mantenduko dauz.

Udal aurrekontuan herriko kirol eta kultur elkarteentzako diru-laguntzen partida mantentzen da, Udalak talde hauen burutzen duten dinamizazio lana eskertuz.