Albisteak

 

Foruko Udalak beste urte batez antolatu dau ume zein gazteei zuzendutako euskaraz garatuko diren udal Udalekuak. Ekintzak, Ehunzango Jolasak aisialdi elkartearen eskutik, uztailaren 3tik 28ra bitartean eskainiko dira, astelehenetik barikura 9:30etatik 13:30etara.

" Udaleku hauen bitartez herria egin gura dogu, Foruko gizartea batzeko tresna bat direlako, adin txikietatik hasita. Geure umeen arteko gizarte harremanak sendotzeko modu bat da. Jarduera dibertigarrien bitartez hauen sormena sustatzen dogu eta lagunartekotasuna eta solidaritatea baloreak indartuz. Gainera, umeen udako oporretan lana eta familiaren arteko kontziliazioa behar dabeen herriko gurasoentzako aukera perfektoa dira udalekuak", gogoratzen dau Foruko Alkatesak, Jane Eyre Urkieta.
Beste urte batzuetan bezala, Udalekuek adin ezberdinei zuzendutako bi modalitate izango dabez. Alde batetik, 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen modalitatea (2007 eta 2014 urteen bitartean jaiotako umeak) eta bestetik, Gazte Kanpusa, 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzenduta dagoena (2002 eta 2006 urteen bitartean jaiotakoak).

Herriko txikiek "Udako kaleko" udalekuan, aste tematiko desberdinetaz gozatzeko aukera izango dabe (Munduko herrialdeak, Euskal Mitologia...). Neska-mutilek jolas eta jarduera ezberdinak garatuko dabez, eta fantasia eta irudimenezko mundua deskubrituko dabe. 
11 eta 15 urte bitarteko gazteentzat "Foruko Udako Gazte Kanpusa 2017" aurreikusi da, aire zabaleko jarduerakaz, kirol jokoak, pista jokoak, abenturak, dantzak, txangoak...
Udaleku bietarako ordutegia bardina izango da, 9:30etatik 13:30etara. Forun erroldatutako umeentzako hamabostaldiaren prezioa 40 eurokoa da eta 70 eurokoa hilabete osoarena. Ez erroldatuentzat, hamabostaldiaren prezioa 55 eurokoa da eta hilabete osoarena 100 eurokoa.
Hamabostaldietan edota aste alternatiboetan emon ahal da izena.

Interesatuek maiatzaren 26ra bitartean izango dabe izena emoteko epea. Inskripzioak Udaletxean 09:00etatik 15:00etara (946255180/ idazkaritza.forua@bizkaia.org) edota kultur etxean 17:00etatik 20:00etara (946254574/ liburutegi.forua@bizkaia.org) egin beharko dira.